Dena prest Anaitasunako finalerako

2013/03/18
Larunbatean azken hitzordua du aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Otsailaren 2an Lizarran hasi zen ibilbidea amaierara ailegatuko da Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

31 izan ziren Nafarroako Bertsolari Txapelketa hasi zuten bertsolariak eta horietatik zortzi igoko dira larunbatean oholtzara: Julio Soto, Xabier Silveira, Erika Lagoma, Jon Barberena, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez, Oskar Estanga eta Aimar Karrika. Horietatik aterako da Nafarroako txapelduna. Horrez gain, finaleko lehen lau sailkatuek udazkenean jokatuko den Bartsolari Txapelketa Nagusirako txartela lortuko dute.

Finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eu web gunean, baita Nafarroako hainbat lekutan ere: Iruñea (Karrikiri denda), Elizondo (Fantxike denda), Etxarri Aranatz (Xapatero taberna), Lekunberri (Lanbroa liburudenda), Leitza (Maimur liburudenda) eta Lesaka (Okindegia).

Finalerako sarrera hamazortzi eurokoa da, hamabi euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala egun osoko festa denez, saioaren ondoren afaria eginen da Iruñeko sagardotegi batean, baina afarirako txartel guztiak saldu egin dira jadanik.

Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.nafarroakotxapelketa.com webgunean duzue.