BertsoJazzaren berri emango digu Bertsoak

2016/05/30
Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketari begira ere jarriko da sareko plaza.

Gaur aurkeztu da BertsoJazza Donostiako Victoria Eugenian. Donostiako Jazzaldiaren baitan eskainiko da emanaldia eta honen inguruko xehetasunak azalduko ditu bihar Bertsoak.

Uztailaren aurretik, ordea, makina bat ekitaldi ditugu bertsolaritzaren munduan. Asteburu honetan bertan, adibidez, Euskal Herriko Eskolartekoaren bat-bateko txapelketaren finala jokatuko da Ereñotzun, Txirritaren heriotzaren urteurrenari loturiko ekitaldien baitan. Parte-hartzaile zein eguneko egitarauaren berri jasoko du sareko plazak.

Barañaingo Kopla Txapelketa izan zen pasa den asteburuan eta han jazotakoak kontatuko dizkigu Bertsoak; hitz lauz bakarrik ez, eta bertsotan jaso ditu sareko plazak Zallako eta Zamudioko saioak eta Plazatik Gaztetxerako finala.

Eta azkenik, ostiralean, Txirritari keinu eginez berreskuratuko du bertsoaldia Bertsoak, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz.

Zallako saioko bertsoaldiak bildu ditu sareko plazak.