Bertsogintzaren dimentsio intimo eta publikoa, Hitzetik Hortzeran

2016/02/10
Horren inguruko hausnarketa egin dute Unai Iturriagak eta Beñat Gaztelumendik.

Euskal gatazka sarritan agertu izan omen da bertsogintzan. Azken urteotan, ordea, bestelako gai batzuk ere landu izan dituzte bertsolariek: harremanak, familia, etxea... Bertsogintzaren dimentsio intimo eta publikoa aldatu egin ote diren galdetu die Hitzetik Hortzerak Unai Iturriaga eta Beñat Gaztelumendi bertsolariei, eta erantzuna entzungai izango da aste honetako programan.

Gainera, plazara ere hurbilduko da saioa, bertsolariek zeri kantatzen dioten ikustera. Hala, Amets Arzallus bere buruaz beste egin duen transexual bati kantuan entzungo dugu; Unai Iturriaga haurra bere amaren bikote berria den Aitor Sarriegiri gogor eginez arituko da; gaueko amodio-giroan murgilduko dira Maialen Lujanbio eta Oier Iurramendi.

Hori guztia eta askoz gehiago izango dugu gozagai igande bazkalostean ETB1ean. Eta, nahi izanez gero, EITB Nahieran atarian ere ikusi ahal izango da Hitzetik Hortzeraren atal berria.

Urtarrilean, Tolosan egindako bertso-saioa