Bertso Udalekuetan murgiltzeko tenorea

2013/07/05
Bertso Udalekuetan aisialdiaz, lagunarteaz eta bertsolaritzaz gozatzeko parada izango dute hainbat gaztetxok aurten ere. Hamaseigarren urtea da jada Bertsozale Elkarteak Bertso Udalekuak antolatzen dituela eta 300 gaztetxok eta 50 begiralek hartuko dute parte. Lekeitio, Barria, Arrazola, Orio, Bidarrai, Irañeta eta Zuhatzan izango dira aurten.

Bertso Udalekuetan Euskal Herri osoko haurrek hartzen dute parte. Egonaldi osoan euskaraz, aisialdiaz eta bertsolaritzaz gozatu ahal izaten dute bertsolariekin zuzeneko harremana izanez. Txanda bakoitzean bertso afaria egiten da, eta gaztetxoek aukera dute euren erreferente diren bertsolariekin jolasteko, hitz egiteko eta bertsotan jarduteko. Aurten Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Onintza Enbeita, Beñat Gaztelumendi, Jone Uria, Eneko Fernandez, Julen Zelaieta, Iñaki Gurrutxaga, Odei Barroso eta Iñaki Viñaspre bertsolariak joango dira udalekuetara.

Bertsolaritzaz gain kantugintza ere landuko dute Oskar Estangarekin. Txanda bakoitzean kantuak sortzen dituzte, guztien artean udalekuetako diskoa osatuz.

Bertso Udalekuen helburu nagusia zaletasuna eragitea denez, bertso-eskoletan dabiltzan haur eta gazteek lehentasuna izan dute izena ematerakoan. Badira, dena den, bertso-eskoletan ibili ez arren udalekuetara gerturatu eta zalentzen direnak ere. Askok, gainera, urtero errepikatzen dute egonaldia.

Txandak

Aurten guztira zazpi txanda eskainiko ditugu:

Ekainak 24-27 Lekeitio (Bizkaia)
Uztailak 1-7

Barria (Araba)

Uztailak 7-13 Arrazola (Bizkaia)
Uztailak 8-14 Orio (Gipuzkoa)
Uztailak 15-21 Orio (Gipuzkoa)
Uztailak 13-22 Bidarrai (Baxenabarre)
Uztailak 21-27 Irañeta (Nafarroa)
Abuztuak 26-30 Zuhatza (Araba)