Bertso Eskolen Eguneko bazkarirako txartelak, astelehenean eskuragai

2016/09/02
Irailaren 5etik 12ra arte izango dira salgai sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian, 15 euroren truke. Irailaren 17an izango da Portugaleten Bertso Eskolen Eguna.

Ekainean aurreratu bezala, ikasturte berriari goiztiar ekingo diote bertso eskolek: irailaren 17an ospatuko da Bertso Eskolen Eguna Portugaleten. Eguneko plana prest da, eta tartean izango da bazkaria. Otordurako txartelak irailaren 5etik 12ra izango dira eskuragai www.bertsosarrerak.eus atarian 15 euroren truke.*

Eguerdian, 12:00etan, hasiko da eguna El Solar plazan. Tokiko bertso eskolak girotuta ekingo zaio poteoari eta 14:30ean egingo da bazkaria merkatuan. Arratsaldean, 17:30ean, Bertso Trama eskainiko dute Miren Amurizak eta Odei Barrosok. 19:30ean, Bertsotruken aurkezpena eta gero, bertso-poteoari segida emango zaio, eta ondoren Aneguriak hartuko du lekukoa kontzertua eskainiz.

Bertsotruk, aurten ere bai

Portugaleteko hitzordua izango du abiapuntu aurtengo Bertsotrukek. Balorazio ona izan dute pasa den ikasturtean hasitako bertso eskolen arteko desafioek, eta egitasmoari segida ematea erabaki dute Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeko kideek. Portugaleten egingo da aurkezpena eta orduan ezagutaraziko dira bertso eskola parte hartzaileak eta osatutako multzoak. 

*OHARRA: Bertsotruk egitasmoan parte hartu behar duen bertso eskola bakoitzak bazkarirako bina txartel izango ditu.