Bertso Egun koloretsua

2015/02/02
12 aulki koloretsu eta jolaserako hainbat proposamen izan ziren Kursaaleko ekitaldi nagusian. Eguraldi kaxkarrari bizkarra emanez eguerdian bertsoak argitu zuen Donostiako Alde Zaharra. Gauean Manteo kiroldegiko afaria goizaldera arte luzatu zen.

Hainbat bertsolari eta bertsozalek goiz goizetik ekin zioten Bertso Egunaren ospakizunari. Kalez kale kantuan aritu ziren Amaia Agirre, Inaki Zelaia, Eneko FernandezArrate Illaro, Nahikari Gabilondo, Xabi IgoaMaddalen Arzallus, Ander Elortegi eta Unai Gaztelumendi. Onintza García gai-jartzaile Zarauztarra izan zuten gidari eta Josune Arakistain eta Julene Otegi trikitilariek girotu zuten kalejira. Donostiako eguraldi iluna argitu zuen Bertso Egunak eta ehun bat lagun gerturatu ziren festara.

Arratsaldeko 18:00etan Kursaalen off ahots batek galdera luzatu zuen: "bat, bi, hiru... jolastu nahi?" Inork erantzunik ez... Berriro ere galdera bera... eta bigarrengoan bai... Ikusleak baietz erantzutearekin batera hasi zen ikuskizuna. 12 aulki koloretsu, 12 bertsolari, 12 ahots ezberdin eta hiru gai-jartzaile. Ikuskizun bikaina ehundu zuten Unai Iturriaga, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Nerea Elustondo, Eneko Lazkoz, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Andoni Egaña eta Amets Arzallusek Josu Goikoetxea, Eñaut Agirre eta Ainhoa Aranburu gai-jartzaileen esanetara. Hainbat jolasen artean ariketa batean Marc Armspach 'Marko' eta Asisko Urmeneta marrazkilariek ere parte hartu zuten jendaurrean  bertsolariek bertsotan adierazitakoa marraztuz. Bertsolariek eta marrazkilariek bapatean aritzeko abilidadearekin aho zabalik utzi gintuzten. Bi ordu t'erdi pasatxoko ikuskizuna izan zen eta jada ikusgai duzue Bertsoa plaza digitalean eta EiTB nahieran-en.

Iluntzean afaria eta festa izan zen Manteo Kiroldegian. Bapatean aritu ziren Beñat Gaztelumendi, Jone Uria, Xebastian Lizaso, Ane Labaka eta Fredi Paia Alaitz Rekondoren aginduetara. Oskar Estangaren Bapatean ikuskizunaz gozatu genuen, Beñat Gaztelumendi izan zuen bapatean lagun. Ondoren Manteo Kiroldegiko festa goizaldera arte luzatu zen.

Argazkiak ikusgai dituzue.

 

12 aulki, 12 bertsolari Kursaalean, Bertso Eguna 2015