"Berriak jaio ginen" liburua tarteko, Jon Maiari elkarrizketa Bertsoan

2017/06/07
Bihar aurkeztuko du bere azken lana zumaiarrak eta berarekin izandako solasaldia entzungai eta ikusgai jarriko du sareko plazak.

Bihar goizean aurkeztuko du Jon Maiak Berriak jaio ginen bere liburu berria. Hitzordu seinalatu hori tarteko, Bertsoa zumaiarrarekin aritu da lanaren inguruan solasean eta xehetasun horiek bihar izango ditugu entzungai eta ikusgai sareko plazan.

Bestalde, Bizkaiko Eskolarteko eta Taldekako txapelketetako bertsoak ere sarean izango dira aste honetan. Era berean, Getxon izandako bertso-afari mexikarreko bertsoaldiak entzungai daude jada, eta ostiralean asteko menua biribiltzeko azkenburuko ederra eskainiko da: Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzarekin, Bertsolari Txapelketa Nagusiko ale gogoangarri bat berreskuratuko du Bertsoak.

Eta noski, larunbatean izango den Euskal Herriko Eskolarteko bat-bateko finalari begira ere jarriko da sareko plaza. Saran bertan izango da Bertsoa, bertsozale gazteen egun handiaren jarraipena egiteko.

 

Bertso-afari mexikarra egin zuten Getxon eta hango aleak bildu ditu Bertsoak.