Baigorriko txandaz batera amaitzera doaz aurtengo Bertso Udalekuak

2014/09/02
Azken txanpan daude 15-18 urtekoen txandan. Irailaren 3an bukatuko dute 10 eguneko egonaldia Oronozia aterpetxean. Lapurdi, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bertso-eskoletako 61 gazte elkartu dira bertan. Begirale taldean izan dituzte Ander Solozabal, Saioa Alkaiza, Eneko Beretxinaga, Beñat Vidal, Maddi Gallastegi, Edurne Azkarate, Aitor Irastorza eta Miren Artetxe. Sormen ekintzaz gainezka eman dute egonaldia.

Baigorriko udalekua sormenaren etxea bihurtu da 10 egunotan.

Bertso saio musikatua egin zuten Aimar Karrika eta Uxue Alberdi bertsolariekin, gazteek euren instrumentuez doinuak musikatzen zizkietela.

Era guztietako tailerrak ere egin dituzte: kantaera tailerra, ukimen tailerra, kantu bat sortzeko prozesua lantzeko tailerra...

Urtero bezala Oskar Estangarekin gazteek euren abestiak sortu eta grabatu dituzte.

Aurtengoan Iosu Isaias Villanueva begiralea ere etorri zaie bixitan, berariaz hezkidetza lantzeko dinamikak gidatzera. Emakunderekin sortutako lankidetzari esker, izan ere, bertso-udalekuetako txanda guztietara etorri da begirale espezialista hau, hezkidetza eta tratu onak lantzera. 

Etxepare Rap eta Kaxianoren Alabak taldeekin kontzertua ere izan zuten eta, festa eta gaubela artean, Ollandei mendira igotzea ere lortu zuten.

Txanda honek emango dio itxiera irailaren 3an, partaide guztiak etxeratzean, bertso-udalekuen 17. edizioari.