21.000 ikaslek landu dute bertsolaritza ikastetxeetan

2015/05/28
"Gu ere Bertsotan" egitasmoaren baitan, hainbat jaialdi eta topaketa ari dira ospatzen Euskal Herri osoan.

Ekainarekin batera, ikasturtea amaitzear da eta urtean zehar egindakoa plazaratzeko garaia ere izaten da udaberri bukaerakoa: batetik, ikastetxeetan burutzen den egitasmoaren uzta eta bestetik, bertso-eskolek emandakoa. 

Belaunaldi berriekin bertsolaritza lantzeko egitasmoak bere fruituak azaleratzen ditu jendaurrean. Hezkuntza arautuko lanketari dagokionez, guztira, 410 ikastetxeetan gauzatzen da Gu ere Bertsotan proiektua: 38 irakaslek gauzatu dute jarduna, 21.000 ikaslerekin bertsolaritza landuz. Azken asteotan ikasturteko lana erakusteko hainbat jaialdi eta topaketa egiten dabiltza ikastetxeetan eta ikastetxeen artean.

Gipuzkoan, egitasmoak 10.000 haur eta gazte mugitzen ditu eta gisa honetako 72 jaialdi antolatu dira guztira lurralde osoan.

Bizkaian eta Araban eskualde eta hiri bereko ikastetxeek topaketak egiten dihardute, zein baino zein arrakastatsuagoa: Basauriko topaketan, esate baterako, 700 bat lagun bildu ziren. Arabako azken topaketak Agurainen eta Laudion izango dira ekainaren 2an eta 4an, eta Bizkaikoak ekainaren 5ean eta 12an izango dira, Galdakaon eta Bilbon. Azken hiri honetan lehen aldiz jarri dute martxan, Eskolatik Oholtzara egitasmoa, Bilbon euskara eta bertsozaletasuna sustatu asmoz. Ikasturte osoan, Bizkaian 7.700 ikasle aritzen dira bertsolaritza lantzen eta Araban, 2.500.

Araban bezala, Nafarroan ere 4 irakasle dabiltza, eta horiek eramaten dute aurrera 45 ikastetxetako jarduna. Xiberoa, Baxenabarre eta Lapurdiri dagokionez, guztira, 24 ikastetxeetan 800 bat haur aritzen dira urte guztian bertsolaritza lantzen. Barnealdeko zein kostaldeko haurrentzat Bertsulari Ttiki Egun bana egiten da: aurreko astean Larzabalen egin zen barnealdekoekin eta bihar Miarritzen egingo da kostaldekoekin. Biharkoan, 470 bilduko direla aurreikusi da.

Bertso-eskolan, gazte zein heldu

Bertsotan egiteko grinari jarraipena ematen diote askok bertso-eskolan, eta 1.700 lagun bildu dira guneotan, gazte zein heldu. Horiekin loturik bertso-eskolen egunak ere egin dira eta egingo dira asteotan; gehienetan Eskolarteko herrialdeko finalari loturik.

15-18 urte bitarteko 100 gazte baino gehiago dabiltza kantuan Eskolarteko Txapelketaren baitan antolatzen ari garen saioetan. Ekainaren 6an zehaztuko dira finaleko parte-hartzaileak, Igorreko eta Hazparneko saioak jokatuta; orduan erabakiko dituzte Bizkaiko eta Xiberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko bina ordezkariak eta gainerako lurraldekoekin lehiatuko dira ekainaren 27an Orion burutuko den saioan.

Eta udan…bertso-udalekuak!

Udan ere bertsotan gozatzen jarraitzeko eta beste herrietako bertso zaleak lagun egiteko aukera ederra eskaintzen dute bertso-udalekuek. Autengoan uztailean eta abuztuan eskainiko diren 5 txandatan 240 bat haurrek hartuko dute parte. Adi! Muxikako eta Orioko udalekuetan izena emateko aukera badagoelako, ekainaren 4a bitarte. Aisialditik eta bertsolaritzatik abiatuta, lurralde ezberdinetako kideak eta tokian tokiko eragileak ezagutzeko abagune ederra ematen dute udaleku hauek.

"Gu ere Bertsotan" egitasmoak bertsolaritza hurbiltzen du ikastetxeetara